XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sari banaketak ez du Mostrako filmeen itxura kaskarra arindu

Mundu osoko kritikariek Veneziako Zinemaldiaren aurtengo ekitaldiko filmeen kalitate kaskarra nabarmendu dute, sail ofizialean lehiaketaren barnean parte hartutakoena bereziki.

Milcho Manchevski mazedoniarraren Before the rain eta Tsai Ming-liangen Aiqing Wansui pelikulek irabazi dute Urrezko Lehoia eta Oliver Stonek Epaimahaikoarena bere Natural Born Killers polemikoaren bitartez.

Sariak sari, ordea kritikariek filme guztien kalitate erdipurdikoa salatu dute, lan biribilik ez dutela aurkitu adierazteaz gainera.

Nagisa Oshima zuzendariak, Mario Vargas Llosa idazleak eta Margarita Buy eta Uma Thurman aktoreek osatu dute, besteak beste, David Lynch buru izan duen epaimahaia.

Horien ustez, Mazedonia eta Taiwango obrek erakutsi dituzte aurtengo ekitaldiak emandako gauza txukun bakarrak.

Kontuan izan, aurtengo sail ofiziala egile gazteen lehen edo bigarren filmeez osatuta egon dela osotasunean.

Horietako batzuek burua izan badutela frogatu dute, gauza interesgarri zenbait ikusi izan da, baina inola ere ez dira, beti ere kritikaren iritziz, Veneziak berez behar lukeen sail batean egoteko modukoak.

Mostrako zuzendariak, Gillo Pontecorvok, jaialdia ona izan dela aitortu du, beste hizkuntza batzuk, egile gazteak eta gauza interesgarriak ikusi direlako.

Zinemaldiaren beste ezaugarri nagusi bat pelikula gehientsuenetan erakutsitako gehiegizko biolentzia izan da.